Euskalerria Irratia

2017an Korrikak 20. edizioa izanen du. Otxandiotik Iruñera, martxoaren 30etik apirilaren 9ra, hamaika egunez euskara lau haizetara zabalduko dute.  Donostian aurkeztu dute gaur. Hizkuntza, kultura, mundu bat. Hizkuntza berdintasunaren jaia izanen dela iragarri dute. Euskaraz, bat eginen dugun festa. 

20. edizioa 2017an, lehena, 1980ean izan zen. Garai hartan, Korrika egitasmoa bultzatu zituztenak izanen dituzte heldu den urtean gogoan, bereziki. Martxoaren 30etik apirilaren 9ra izanen da euskararen aldeko Korrika. Iruñean amaituko da. 

HIZKUNTZA, KULTURA, MUNDU BAT

Euskara hizkuntza, kultura eta mundu bat da: bertoko hizkuntza, gure kultur izaera eta munduan nor izateko modua. Euskal Herria euskaraz ulertzen dugun euskaldun eta euskaltzaleok aspaldi ekin genion geure hizkuntza sendotzeari, etorkizun hobea nahi dugulako.

20. Korrikak zurekin hitz egin nahi du. Euskara ezagut eta gurekin erabil dezazun. Zeuk ere, zeuretik, zeure hizkuntza-aberastasuna eta kultur aniztasun unibertsala bizi ditzazun: ikasiz, erabiliz, ahalbidetuz...

AEK-k Euskal Herri euskalduna du helburu, askotariko mundua duelako amets. Hizkuntza eta hiztun guztiak berdintasunean biziko diren Euskal Herria eta mundua nahi ditu. Justizia-kontua da: hizkuntza gutxitu baten biziraupenerako babesa eta hiztunen eskubideen defentsa.

Beharrezkoa da euskara arretaz zaintzea. Gure nahia eta denon egitekoa da euskara aukera-berdintasunean bizitzea egunero eta eremu guztietan. Herritar guztiok bizi behar dugulako aukera-berdintasunean egunero eta plaza guztietan.

Nik, hik,  hark. Guk, zuk, zuek, haiek. Bat eta batzuk: nire hizkuntza, zure hizkuntza;  gure kultura, gure kulturak; mundu hau, mundu hauek.

Hizkuntza baten alde egitea, finean, guztien alde egitea da. Baten eta batzuen munduaren alde.  Kultura unibertsalaren alde.

Hizkuntza-berdintasunaren aldeko jaira gonbidatzen zaitugu. Mundu unibertsalagoa sortzera. Bat egitera. Zuk egitera.

korrika